martes, 4 de enero de 2011

TRANSFOBIA, HAMAIKA BURUKO MUNSTROA

Sarritan, TRANSFOBIAri buruz (pertsona transexualenganako gorrotoa edo errefusa) ari garenean (matxismoaz eta genero-bortxakeriaz, edo homofobiaz, edo arrazakeriaz ari garenean bezala), jendeari muturreko gertaerarik larrienak baino ez zaizkio etortzen burura (hilketak eta eraso fisikoak); eta "eskandalizatu" egiten da transfobiatzat jotzen ditugunean hainbat jarrera, ekintza, sentipen, ideia eta abar, maila horretara heltzen ez badira: "odolik ez badago, transfobiarik ez dagoela" ematen du ia. Baina, kontuan hartu behar dugu transfobia ez dela kasurik larrien horiek soilik (hilketak eta jipoiak), lan-bazterkeria edo eskola-jazarpena ere badirela... eta askoz haragoko kontua ere badela: jendarte heteropatriarkal honetan tinko errotutako eta zabaldutako aurreiritzi, jarrera, sentipen eta jarduera ugarik osatzen dute transfobia.

Nolanahi ere, argi eta garbi utzi nahi dut ez dudala, inola ere, esan nahi transfobiaren agerpen horiek GUZTIAK nahita egindako erasoak direnik (erasoak, ordea, bai, badira, nahi edo nahi gabe eginda ere). Dena dela, argi eta garbi salatu behar da aurreiritzi, jarrera, sentipen eta jarduera horiek zer diren: TRANSFOBIA (nahita eginda zein nahi gabekoa).

Transfobia (homofobia eta matxismoa bezala) jendarte heteropatriarkal honetan zeharo zabaldurik dago, maila guztietan: estrukturala da eta guztioi eragiten digu, guztiok zikintzen gaitu, maila batean edo bestean... "txapapoteak" bezala, ukitzen duen guztiari itsatsi eta kutsatzen du, eta oso nekeza da kentzen, eta kendu ondoren ere, aztarna uzten du. Jende gehienak (hemen eta orain, behintzat) ez du parte hartzen eraso fisikoetan eta hilketa transfobikoetan, gaitz erdi... baina, horrek ez du esan nahi, hala ere, transfobiarik ez dutenik, haren hiru formetako edozeinetan (Jose Ignacio Pichardoren homofobien sailkapenaren arabera):
Pertsona transexualoi buruzko mespretxuzko komentarioak edo txisteak egitea, transexuala izateagatik pertsona bat ez kontratatzea, pertsona transexualoi errespetu gabe begira geratzea, seinalatzea, gugandik aldentzea, seme-alabek ikusi ez gaitzaten saiatzea edo saihestu beharreko adibidetzat jartzea, diskriminazio positiboaren kontra egotea (gainerako herritarrekiko benetako berdintasuna lortzeko beharrezkoa den arren), esatea gure kromosomek edo genitalek markatzen duten sexukoak garela edo "hirugarren sexukoak" (edo beste edozer, baina betiere gu identifikatzen garen sexukoak garela ukatu), hitz egitean sentitzen garen sexuaren kontrako genero gramatikalez aipatzea, gure trantsizioaren aurretik genuen izenarekin deitzea (legezko izena izan zein ez)... horiek guztiak JOKABIDE-TRANSFOBIAREN adibide garbiak dira (transfobia konduktuala); eta eraso fisikoa egiten ez denean ere (mota horren muturreko kasua), hura adinako transfobia da (eta erasoa ere bai, fisikoa izan ez arren).

Pertsona transexual batekin egotean (hori dela edozein neurritan nabaritzen zaiola ere), edo ikustean, edo hari buruz hitz egitean... errefusa, ezinegona, atsekabea, beldurra, urduritasuna eta abar sentitzea transfobiaren beste adibide argi bat da: AFEKTIBITATE-TRANSFOBIARENA (transfobia afektiboa), kasu honetan (eta horren muturreko kasua gorrotoa litzateke). Aurrekoak ez du zertan jokabideetan gauzatu; eta, agian, maila kognitiboan gaindituta badaude, kontrolatu ahal izango dira emozio horiek... baina, hala eta guztiz ere, gizarte osoa blaitzen duen transfobiaren isla dira.

Pertsona transexualak gainerakoak bestekoak ez garela, geure trantsizioa eta geure bizitza apetagatik egiten ditugula, gaixoak edo biziotsuak, edo bekatariak edo xelebreak garela pentsatzea; emakume transexualak "benetako emakumeak" ez garela eta gizon transexualak "benetako gizonak" ez direla, "hirugarren sexua" garela (edo laugarrena, edo bosgarrena...) pentsatzea; XX kromosomen "labela" edo hankartean alua edo obulutegia eta uteroa ez edukitzeagatik emakumeak ez garela, edo XY kromosomen "labela", hankartean zakila eta barrabilak ez edukitzeagatik gizonak ez direla pentsatzea; ebakuntza egitean soilik emakume edo gizon "bihurtzen" garela eta lehenago ez ginela (edo okerrago, ebakuntza eginda ere, ez garela inoiz izango) pentsatzea; baztertu behar gaituztela, eredu txarra garela, gainerako herritarren eskubide berak bermatu behar ez zaizkigula pentsatzea... aurreiritzi horiek guztiak TRANSFOBIA KOGNITIBOAREN adibide argiak dira (horren muturreko kasua kaleetatik –eta munduaren azaletik– desagerrarazi beharreko eskoria garela pentsatzea da; eta aurreko kasuak mutur horretara iritsi ez arren, berdin-berdin dira transfobia).

Garrantzi handikoa da jakitun izatea aipatutako kasuak (eta gehiago) transfobiaren parte direla, eta ez bakarrik gorrotoa, jazarpena, jipoiak eta hilketak. Hori ulertzea funtsezkoa da, bi arrazoirengatik. Batetik, forma larrien horiei aurre egin ahal izateko ezinbestekoa delako; izan ere, horiek ez dira ezerezetik sortzen; aitzitik, transfobia mota GUZTIETAN blaitutako gizartea eraso larrien horietarako "haztegia" da. Eta, bestetik, "transfobia light" mota horiek ere erasoak direlako; txikiak, bai, baina etengabeko erasoak, gure kontrako etengabeko "intentsitate txikiko gerra" bat: gure autokonfiantza eta geure buruaz dugun irudia higatzen ditu; geure identitatea ukatzera bultzatzen gaitu, baita geure izaeraren muina ezkutatu eta ukatzera ere (horrek berekin dakarren guztiarekin); sentitzen garen (eta garen) emakumea edo gizona izatea lortuko ez dugula sinestarazten digu, gu geu izatea ezinezkoa dela; beldurra eragiten digu, eta hain irrikatua eta desiratua dugun trantsizioa egiteko ausardia kentzen digu eta depresioan amiltzen gaitu, eta, hainbatetan, suizidioraino ere eraman... . Eta, gainera, zuzenean guri geuri eragiteaz gain, gure ingurukoei ere eragiten die: benetan maite gaituztenei gugatik sufriarazten die; haren eraginez, ustez maite gintuztenek gu abandonatu eta gugandik aldentzen dira legendunak bagina bezala, edo ez gaituzte errespetatzen eta eguneroko tratuan eraso egiten digute etengabe (sentitzen garen sexuaz kontrako generoa erabiliz, edo trantsizioaren aurreko izenaz deituz), edo gure trantsizioa oztopatzen saiatzen dira edo gauzatzen galarazten...
Transfobiarekin, azken batean, beste hainbat gorroto eta bazterkeriarekin gertatzen den bezala gertatzen da. Arrazakeria ez da Ku Klux Klanen lintxamenduak soilik, edo naziek egindako juduen eta ijitoen genozidioa soilik; aitzitik, arraza bat besteen gainean ezartzen duten jarduera, sentipen edo sinismen guztiak ere badira arrazakeria; matxismoa eta genero indarkeria ez dira emakumeak beren bikotekide( ohi)ek erailtzea edo bortxaketak soilik; aitzitik, emakumeon azpiratzea eta gutxiagotasuna zuritzen eta iraunarazten duten jarrera, sentipen, jarduera eta sinesmen guztiak ere badira matxismoa eta genero indarkeria... Gauza bera gertatzen da transfobiarekin.

Eta transfobia eta jendartearen gainerako minbizi horiek (matxismoa, homofobia eta arrazakeria) desagerrarazi nahi baditugu, ezinbestekoa dugu horiek ulertzea eta euren osotasunean aztertzea, baita errotik borrokatu eta saihestea ere. Hala egiten ez badugu, gaixotasuna bera (jendartean estrukturalak diren transfobia, homofobia, matxismoa eta arrazakeria) sendatzen saiatu ere egin gabe, haren sintomak soilik (hilketak, eraso fisikoak, bortxaketak...) tratatzen ibiliko bagina bezala izango da.

Ainara Ruiz (Errespetuz-eko kidea –Pertsona Transexualen Integrazio eta Babeserako Euskal Elkartea–)

No hay comentarios:

Publicar un comentario